Prentsa Oharrak

Udalerriko euskaltegiek adin guztientzako ikastaro eta ordutegien eskaintza zabala dute

2017/09/08

Matrikulatu Getxoko euskaltegietan! lelopeko matrikulazio kanpainarekin udalerriko euskaltegiek, Getxoko Udalaren laguntzarekin, herritarrak animatu nahi dituzte abiatzen ari den ikasturtean euskara ikastera. “Kanpaina honekin Udalak zubi lana egin nahi du euskara ikasi edo hobetu nahi duten getxotarren eta euskaltegien artean, euskara ikastea eta euskaldun aktibo izatea sustatzeko”, nabarmendu du Koldo Iturbek, Euskara zinegotziak.   

Kanpainak, 500 kartelen, foileto baten eta gizarte sareen bitartez zabalduko diren hainbat irudiren bitartez euskara ikasteak bost kolektibotan suposatzen dituen ekarpenak azpimarratzen ditu, hau da, gurasoentzat, gazteentzat, pertsona nagusientzat, merkatarientzat eta etorkinentzat. Urtero bezala, irailean zehar zabalik egongo da izena emateko epea, eta beste urte batez, aurten ere, ikastaro eta ordutegien eskaintza zabala izango dute. 

Eskaintza zabala auzo guztietan

Euskara ezagutu, ikasi eta hobetu nahi duten 16 urtetik gorakoek aukera handia izango dute udal, Lauaxeta AEK, Jose Antonio Agirre ta Lekube eta Bai&By euskaltegietan, maila guztietako ohiko ikastaroekin batera, honako hauek er eizango dira: modulu txikiak, tituluak ateratzeko prestakuntza, autoikaskuntza, mitzatzeko klaseak edo plazerrez ikateko saioak, presiorik gabe. 6 eta 15 urte bitartekoentzat Algortako Inguma Umeen Euskaltegiak eta Areetako Uztarri Umeen Euskaltegiak eskaintzen dituzte ikastaroak. 

Urtero bezala,  tailerrak ere izango dira dendarirentzat eta ostalarientzat, etorkinentzat eta seme-alabekin euskaraz egin nahi duten gurasoentzat. Egizu elkartearen eskutik, Berbalaguna ekimena, euskaraz berba egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzen dituen programa ere abian izango da.    

Gogoratu, Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak (63.360€) ematen dituela eta baita Bizkaiko Foru Aldundiak (www.bizkaia.eus/euskaratxartela) eta HABEk (http://www.habe.euskadi.eus) ere.

Udalak argitaratutako eta getxotarren etxebizitzetan (Getxoberrirekin batera) banatutako foiletoak eta www.getxo.eus/eu/euskara udal webguneak matrikulazio kanpainari buruzko informazioa eskaintzen dute. 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +