Prentsa Oharrak

Egungo errefuxiatuak biharko herritarrak izatea, Errefuxiatuen Munduko Egunaren helburua

2018/06/11

Gaur egungo errefuxiatuak biharko hiritarrak izateko bidea prestatzea, elkartasuna eta kohesio soziala adiskidetzen dituzten politiken bitartez, da Getxoko Udalak, hainbat entitateren laguntzarekin, antolatutako jardueren egitarauaren helburua, ekainaren 20an antolatzen den Errefuxiatuen Munduko Eguna dela eta. 

Jardueren egitaraua

Egitaraua Samba, un nombre borrado izeneko dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo solasaldiarekin hasiko da, datorren larunbatean, ekainaren 16an, 12:00etan, Romo Kultur Etxean, RKEn. Mahmoud Traoré protagonista ere izango da ekitaldian. Hurrengo egunean, igandean, ekainak 17, kaleko antzerkia izango da Areetako Geltokia plazan, Munduko arrozak jaiaren ospakizunarekin batera. Alboan entitateak eta Euri Artean taldeak Historias detrás de la valla: Passport ikuskizuna eskainiko dute 13:00etatik aurrera. 

Asteartean, ekainaren 19a, 19:00etan, toki berean, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Mugak Zabalduz Italiako Calabriara joango den karabana aurkeztuko du. 

Azebarri taldearen egoitzan sukaldaritza tailerra eta kultura arteko afaria izango dira, ostiralean, ekainak 22, 18:30etik aurrera, Bizilagunak, Mila Zapore ekimenaren barruan. Pertsona interesatuek izena 644 277 155 (euskaraz) telefono zenbakian eman dezakete. 

Ekainaren 22tik 24ra Save the Children elkarteak Giza liburutegia kanpaina ibiltaria aurkeztuko du, Haur etorkinen ahotsa: beraiei eta beren eskubideei lotutako jarrera kritiko eta eraldatzailea sendotzea, lelopeko sentsibilizazio programaren barrukoa, Areetako Geltokia plazan. Bertokoen eta esperientzia migratzaile edo babes bila ibili direnen arteko topatzeko gunea sustatzen duen ekimena izango da. 

Igandean, ekainaren 24an, 19:00etan, Caminamos para Crecer-CEAR Euskadi erakundearen Alas rotas izenburuko antzezlanaren estreinaldia izango da RKEn. Espainian asilo eskatzen duen errefuxiatu baten bitartez, igaro behar dituen zailtasunak ikusi ahal izango dira, azkenean deportatua izan arte. Bizi beharko duen gizartearen  isla, adiskidetasun eta itxaropen istorioak erakusten dira, eta baita xenofobia, hedabide manipulatuak, justizia bidegabea eta bihozgabea, eta CIESen drama ere. Sarreraren prezioa 6€koa izango da. 

Munduko arrozak

Getxon bigarren urtez ospatuko den Munduko Arrozak jaia izango da igandean, ekainaren 17an, Areetako Geltokia plazan, oraingoan, Filipinen Independentziaren oroimenarekin bat eginez, SIKAP eta PAGKAKAISA elkarteen eskutik.  Ekitaldiaren helburua da  kultur artekotasuna sustatzea eta udalerriko pertsonen, taldeen eta eragile sozialen arteko interrelazioa lantzea, batez ere beste herrialdeetatik heldu diren lagunak kontuan izanik. Jai-egunean zehar hain bat jarduera izango dira, talde bakoitzak arrozarekin herri-bazkaria prestatzen duen bitartean. 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +