Prentsa Oharrak

“Berdintasuna ikasi eta irakatsi egiten da”, Emakumeen Nazioarteko Egunaren leloa

2018/02/28

Berdintasuna ikasi eta irakatsi egiten da leloa da Getxoko Udalak aurten martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako ekitaldietarako aukeratutakoa. Egungo kanpainaren helburuak dira berdintasunean heztearen beharraz sentsibilizatzea, zabaltzea berdintasun legala eta formala dagoela baina ez erreala, eta nabarmentzea berdintasuna ikasi egiten dela, eta horregatik ez bada ikasten edo irakasten, azkenean desberdintasuna ikasten dela.  Keltse Eigurenek, Berdintasuneko zinegotziak, gogoratu du “udalak lan egiten duela aukera berdineko gizartearen alde, egungo (2016/2019) Legegintzaldi Planaren helburu estrategikoetako bat. Ezaugarri hauetako kanpainekin baloreen aldaketa sustatzeko beharraz sentsibilizatu nahi ditugu herritarrak, gizarte aldaketa bermatuko duena, berdintasun erreala eta eraginkorra lortze aldera”. 

Egitaraua 

Lehenengo ekitaldia Estrategia feministak gerrako krimenen eta gatazka armatuen aurrean izeneko hitzaldia izango da, larunbatean, martxoak 3, 11:00etan, Getxo Elkartegian, Areetan, Stasa Zajovicen eskutik. Hizlaria aktibista feminista, bakezalea, Montenegroko LGTB mugimenduko kidea da eta Belgradoko Beltzezko emakumeak izeneko taldearen sortzailetako bat eta koordinatzailea da. Hizlariak artikulu ugari ere idatzi ditu, besteak beste, hurrengo gaiei buruz: emakumeak eta politika, eskubideak, gerra, nazionalismoak eta erresistentzia. 

Martxoaren 13an, 19:30ean mahai-inguru bat izango da Villamonteko Kultur Etxean Ikasi desikasten eskola-bizikidetza berreraikitzeko gaiari buruz, Bea Ugarte, hezitzaile eta baterako hezkuntzako aholkulariaren, eta Josetxu Riviere, berdintasun eta maskulinitateekin zerikusia duten gaiak lantzen dituenaren partaidetzarekin. 

Aste bat geroago, hilaren 20an, toki berean, Kontu Kontalari saioa izango da Beatriz Egizabalen eskutik, Ni ta punto titulupean. 

Bestalde, datozen egunotan, udalerriko emakumeen taldeek ere beren ekitaldiak antolatuko dituzte, horien artean Eskuz-Esku elkarteak datorren martxoaren 9rako, ostiralerako, Satur Abon, Bagabiltza sortzailearentzako omenaldia antolatu duela, Andres Isasi Musika Eskolan, 18:00etan. 

Ekitaldietarako haurtzaindegi-zerbitzua egongo da, eta eskaera gutxienez bi egun lehenago egin behar da berdintasuna@getxo.eus helbidean edo 94 4660136 zenbakian.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +