FAQ

1.       Nola formalizatu beharko litzateke alokairua?

Alokairu oro kontratu bidez formalizatu behar da. Kontratu horretan legez ezarritako klausulak jaso beharko dira eta hautazkoa izango da beste baldintza osagarri batzuk sartzea, besteak beste, bizikidetza kontuak edo askatasunez adosten diren bestelakoak. 

Honako alderdiak nahitaez agertu beharko dira:

  • Esku hartzen duten alderdien identifikazioa. Sinatzaileek horretarako gaitasuna eduki beharko dute.
  • Kontratuaren xedea.
  • Alderdien betebeharrak. Alderdiek hartzen dituzten konpromisoak eta horiek urratzearen ondorioak.
  • Kontratuaren iraupena. Hasiera data eta amaiera data aipatzea komeni da. Era berean, kontratua amaitzeko arrazoi posibleak, aurre abisurako epea eta kalte ordain posiblea zehaztea komeni da.
  • Ordaintzeko modua. Nola ordainduko den eta zein epetan.

 2.       Ze ordutegi bete behar dira?

Getxoko Udalak ez du berariaz arautzen lokalen ordutegia.  Hau da, lokaletako egonaldia askea da, betiere ordenantzan jasotako zarata mailak gainditzen ez badira. Ondorioz, barruan ezin dira gainditu etxebizitza baterako normaltzat jotzen diren dezibelioak, hau da:  75dB gaueko 10ak arte, eta ordutik aurrera TV soilik entzun ahalko da bolumen normalean. 

Merkatuan app ugari daude dezibelioen emisioa neurtzeko, bai IOSentzat, bai Androidentzat. 

3.       Zer izan behar du nire lokalak alokatu ahal izateko?

Beharrezkoa da hemen aurkitzen diren gomendioak betetzea. Hala ere, laburpen gisa, honako elementu hauek jaso genitzake: 

  • Indarreko kontratua, instalazio elektriko baimendua, ur hartunea, larrialdietako argiak, bainua (konketa eta komuna), su itzalgailuak (bat koadro elektrikorako eta bestea normala, 21 A-112B), erantzukizun zibilaren asegurua.
  • Lokalera kanpotik sartu beharko da (espazio publikotik pribatura) eta erraz irekitzen den ate bat izan beharko du. 

4.       Zer gertatzen da erkidegoko norbait kexatzen bada?

Erkidegoko norbait kexatzen bada, espedientea Gazte-lonjak zerbitzura iritsiko da eta hark kexak edo gatazkak kudeatzeko protokoloa jarriko du martxan. Protokolo horren bidez, hain zuzen ere, kexak konpontzeko ahalegina egingo da, gazteak eta erkidegoa inplikatuz, akordio batera iritsi ahal izateko. 

Helburua kexen arrazoia amaitzea eta inplikatutako pertsona guztien bizikidetza ona lortzea izango da. Halakorik lortu ezin bada, zailtasun zehatzak aztertuko dira kasu bakoitzari erantzun egokia eman ahal izateko. 

5.       Zer estali behar du aseguruak?

Aseguruak erantzukizun zibila estali beharko du, hau da, istripuz hirugarrenei sortzen zaizkien kalteen erantzule zibil gisa ordaindu behar dituzten kalte ordainen ordainketa. 

Hala eta guztiz, poliza hori beste alderdi batzuetara hedatu daiteke, lapurretara adibidez, edo lokalaren barruan dauden ondasun guztiak babes daitezke. Azken alderdi horiek gomendagarriak dira, baina ez ezinbestekoak. Betebeharra erantzukizun zibila izatea da.

6.       Nola neurtzen da toki bateko edukiera?

Udal gomendioei jarraiki, lokalaren azalera neurtu behar da. Horren arabera, ezingo da pertsona bat baino gehiago egon bi metro karratuko. 

7.       Beharrezkoa al da Udalari lokal bat dugula jakinaraztea?

Bai. Udalak Gazte Lokalen Erregistro bat dauka.  Erregistro horretan izena emateko, bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: 

  • Taldeko kide guztien izen-abizenak, NANa eta harremanetarako telefonoa.  Adingabeen kasuan, gurasoen edo legezko tutorearen baimena.
  • Lokalaren fitxa (planoa, azalera, kokapena…).
  • Jabearen izen-abizenak, NANa eta telefono zenbakia.
  • Alokairu kontratuaren edo lagapenaren kopia idatzia.
  • Instalazio elektrikoa egoera onean dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa.
  • Su itzalgailua egoera onean dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa.
  • Erantzukizun zibilaren polizaren eta ordainagiriaren kopia.
  • Ezarritako erabilera arauen zerrenda.

 Dokumentazio hori Gazte Informazio Bulegoan (Tangora etxea. Algortako etorb. 98) entregatu beharko da. 

8.       Zer da, zehazki, joan-etorrietarako espazioa okupatzea?

Orokorrean joan-etorrietarako espazioez hitz egiten da lekuetara joateko diren eta erabilera publikoa duten espazioei buruz ari garenean, adibidez, espaloiei, maldei, garajeko irteerei, atariei eta abarri buruz. Hau da, plazak eta antzeko tokiak ez dira talde honetan sartzen. 

Espazio horiek libre egon beharko dira eta ezingo dira tresna edo pertsonekin okupatu. 

9.       Jaiegunetarako ordutegi bereziak al daude?

Ez, lokaletan ez denez urteko ordutegi zehatzik arautzen, jaietan ere ez da halakorik egiten, eta, beraz, kasu horietan ere zaraten gaineko gomendioak aplikatu behar dira. 

Hau da, barruan ezin da gainditu etxebizitza baterako dezibelio maila normala:  75dB gaueko 10ak arte, eta ordutik aurrera TV soilik entzun ahalko da bolumen normalean.

Merkatuan app ugari daude dezibelioen emisioa neurtzeko, bai IOSentzat, bai Androidentzat. 

10.   Gazteen lokal batek zein segurtasun neurri hartu behar ditu?

Gazteen lokaletan instalazio guztiak (elektrikoak eta ura) behar bezala eduki behar dira. Horrez gain, su itzalgailuak eta larrialdietarako irteera argiak eduki beharko dira.

Edukiera mugatuta dago eta berariaz debekatuta dago su txikiak edo sukaldeak erabiltzea, bai eta edozein berogailu mota ere, ez bada elektrikoa, motor erregaiduna edo talde elektrogenokoa.

Halaber, erantzukizun zibileko aseguru bat eduki beharko da. 

11.   Gazteen lokal batek gogaitzen banau, zer egin behar dut?

 Getxoko Udalari horren berri eman diezaiokezu ohiko bideen bitartez: Kontsumitzailearen Arreta Bulegoak, Udaltzaingoak, gazteria arloa…  Kexa hori Bitartekaritza Zerbitzura bideratuko da eta hark jorratuko ditu kasuak kasuko zailtasunak. 

12.   Lokal baten jabeak zein legezko erantzukizun du apopiloek gainerako auzokideak gogaitzen dituztenean?

Printzipioz erantzukizuna bizikidetza eragozten ari den pertsonarena da. Hala ere, jabea izanik, alokairua bertan behera utzi ahalko du kontratuan hala jaso badu eta kexak jasotzen jarraitzen badu.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +