Berriak

Adierazpen instituzionala

2018/11/23

Adierazpen instituzionala Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta

Etzi, igandean, azaroaren 25ean, ospatzen den Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Imanol Landa alkatea buru duen Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du aho batez. Jarraian testu osoa: 

Biktimen erreparazioak emakumeei ahotsa ematea eskatzen du 

Azaroaren 25a dela eta, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzearekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Era berean, nazioarteko marko juridikoarekin bat, berriz azpimarratu behar dugu badagoela loturarik genero-arrazoiengatiko bazterkeria eta desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean, azken hori emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat bezala ulerturik.

Testuinguru honetan, arreta jarri nahi dugu indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio-eskubidean. Erreparazio horrek egiarako eskubidea dakar; alegia, bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen hitzen errelatoa egiazki entzuna izatea. Horren guztiaren xedea da hautsitako eskubideak lehengoratzea eta pairatutako indarkeriaren inpaktuak sozialki aitortzea. Indarkeria matxista hauek bizitzen dituzten emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsia izaten da, zikindua, are isilarazia. Halakoetan biktimizazio bikoitza gertatzen da: emakume biktimek jasandako minari lotsa eta erruduntasuna eransten zaio; bitartean, justifikatu egiten dira erasotzaileak.

Tokiko Erakundeetatik gure egin behar dugu gizarte bat eraikitzean daukagun ardura sozial eta politikoa, gizarte horrek biktimen egiarako eskubidea bermatuko badu. BERDINSAREAtik, Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako euskal udalen saretik, indarkeria matxistaren aurrean udal erantzunaren artikulazioa lantzen ari gara, nola-eta Istanbuleko Hitzarmenaren markoa egokituz eta biktimen erreparaziorako toki-praktikak garatuz. 

Ezinbestekoa da ematea ahotsa emakumeei, autoritatea beraien lekukotzari eta egiazkotasuna bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari.  Horrek esan nahi du indarkeriaz beharturiko emakumeen hitza aintzatetsi beharra dagoela, haien askatasuna berrezarri, hartara bizirik atera den pertsonatzat har daitezen eta beren komunitateetan eskubide osoko duintasun- eta herritartasun-zentzua berreskura dezaten. 

Horretarako, Getxoko Udalak ondokoak gauzatzeko konpromisoak hartzen ditu:

  • Zerbitzuak hobetzen lagundu, sostengu-zerbitzuzko sare bat gauzatzearekin batera emakumeei arreta osoa bermatzeko bere onera etor daitezen, ahalduntze feminista eta banakako erreparazioa ikuspegi nagusi harturik.
  • Bizirik atera diren emakumeak entzun, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzeko, emakumeei bizirauten eta babesten balio dieten aurre-emate estrategiak balioan jarriz.
  • Emakumeen ondoan egon, laguntza-zerbitzuetatik hasita eta bizi izandako indarkeriari buruzko beraien errelatoa sortzeraino, ulertzen baita indarkeria hori menderapen- eta kontrol-mekanismoa dela, gizarte-sistema patriarkalean eraikia.
  • Ekimen kolektiboei laguntza eman (laguntza-taldeak eta plataformak), hartara bizirik irtendako emakumeek indarkeria horri buruzko errelato kolektiboa landu dezaten eta hautsitako eskubideak zein erreparazioa aldarrika ditzaten.
  • Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak egiaztatzeko.
  • Aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazioko ekitaldiak egin, indibidualak zein kolektiboak: emakumeen erresistentzia-memoria berreskuratzeko ikerketak; omenaldi-ekitaldiak; emakumeen memoria eta errelatoak jakinarazteko jardunaldiak; gazteekiko sentsibilizazio-tailerrak, e.a.
  • Elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektibo eta elkarteekin. 

Era berean, herritarrak gonbidatzen ditu, EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA dela eta, instituzio eta agente sozial desberdinek deitutako deialdi eta ekimenetara.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +