Berriak

TALDEKA programak Getxon kirolaren, ongizatearen eta turismoaren inguruan negozio aukerak landuko ditu

2017/09/27

Taldeka pertsona langabetuentzat edo enplegua hobetzeko prozesuan daudenentzat da, negozio ideia abian jarri nahi badute

Getxoko Udalak, Ekonomia Sustatzeko Arloaren bitartez, DEMA Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Erakundearekin lankidetzan dihardu, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMAk berak bultzatuta, Taldeka-Ekintzailetza Taldeak programaren deialdi berria abian jartzeko orduan.

Deialdia, lehentasunez baina ez esklusiboki, kirolaren eta ongizatearen industrietan eta teknologietan nahiz turismoan ekin nahi duten pertsona interesdunentzat da, Getxoko udalerriak aldeko apustu egiten duen bi eremu estrategiko baitira.

Kirolaren eta ongizatearen teknologia eta industriei dagokien eremuak oso negozio-esparru anitzak har ditzake, besteak beste, kirol jarduerak berak garatzea (diziplina desberdinetako klaseak ematea, entrenamendua, ekitaldiak antolatzea…), kirolean jarduteko tresna teknologikoak garatu edota saltzea, kirol materiala eta ekipamendua ekoitzi edota saltzea, elikadura osasuntsua sustatzea, ongizate fisiko eta emozionalarekin zerikusia duten jarduerak (masajeak, kontsulta psikologikoak, mindfulness lantegiak…), etab.

Turismoaren inguruko ekintzailetza aukerek ere ekintza eremu zabala dute: ostatua, jarduera nautikoak, sukaldaritza, gida turistikoak… Oro har, neurri handian bisitariek kontsumitzen dituzten jarduerak eta zerbitzuak garatzea.

Programaren faseak

Taldeka-Ekintzailetza Taldeak programak langabetuak autoenplegura bultzatzea du helburu eta, horretarako, lankidetza lanaren inguruko formula aberasgarriak eskaintzen ditu eta partaideen artean sinergiak sortzea bilatzen du. Hori abiapuntutzat hartuta, kideek prestakuntza eta laguntza jasotzen dute eta negozio ideiak sor daitezen sustatzen da.

Taldeka-Ekintzailetza Taldeak programa hiru fasetan garatzen da:

  • Lehenengoak bi hilabete irauten ditu eta pertsonaren barruko abileziatan nahiz trebezia ekintzaileetan prestatzeko kooperazio prozesua egiten da. Coaching eta mentoringaren tekniken bitartez profil ekintzailea sendotzera bideratuta dago. Fase hau 2017ko azaroaren 20tik 2017ko abenduaren 22ra bitartean eta 2018ko urtarrilaren 8tik otsailaren 9ra artean egingo da. Partaideko gehienez 500 euroko beka du, joan-etorrietan sortutako gastuetarako, dietetarako eta antzekoetarako.
  • Ondorengo bi hilabeteetan programako partaideek negozio plana garatuko dute, DEMAk eta Getxolanek lagunduta.
  • Hirugarren fasea hamabi hilabeteetan zehar proiektua abian jarri eta kudeatzeko orduan laguntza teknikoa eskaintzeko da. Fase honetan ekintzailetza taldeko kideek autoenplegua sustatu eta 2018. urtean argitaratzen den Foru Aldundiaren Dekretuan araututako enpresak sortzeko diru-laguntza lor dezatela bultzatuko da.

Parte hartzeko baldintzak

Deialdian parte hartu nahi duten pertsonek honako baldintzak bete beharko dituzte:

  • Bizkaiko Ezkerraldeko udalerriren batean (Getxo, Leioa, Erandio) edo Uribe Kostakoan (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz) bizi eta erroldatuak egongo dira; Getxoko egoiliarrek eta bertan erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Kandidatura gaituen kopurua eskainitako plazen kopurua baino txikiagoa bada, Bizkaiko beste udalerri batzuetako pertsonak hauta daitezke.
  • Lanbiden izena emana edukiko dute (langabezia egiaztatu ahal izango dute edo lanean egonez gero, programan parte har dezaten, lanaldi erdia gainditzen ez duten kontratuekin enplegua hobetzeko prozesuetan inskribatuak daudela ziurtatuko dute).
  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izango dituzte.

Programan parte hartzeko, ez da beharrezkoa negozio ideia izatea.

Programan parte hartzeko lehentasunezkoak izango dira turismoaren, kirolaren eta ongizatearen eremuarekin zerikusia duten arloan titulazio akademikoren bat (unibertsitarioa edo lanbide heziketa) duten pertsonak.

Gauzatzeko tokia

Programaren ekintzak GETXOLANen instalazioetan (Getxo Elkartegia, Ogoño kaleko 1. zenbakia, Areeta-Getxo) gauzatuko dira.

Programan izena ematea

Eskabideak aurkezteko epeak urriaren 27ra arte zabalik iraungo du.

Izena emateko eskabidea telematikoki burutuko da eta inprimakira honako helbidetik iritsiko da:

http://www.dema.eus/forms/taldekadt.php

Inprimakia betetzen duten pertsona interesdunek, horrez gain, curriculum vitaea entregatu beharko dute, baita nortasunari buruzko testa osatu ere Demaren bulegoetan (Barakaldo Elkartegia – Fandería 2, Barakaldo) edo Getxolanen bulegoetan (Getxo Elkartegia – Ogoño 1, Areeta – Getxo).

Informazio saioa

Ekimen berri honen informazioa zabaltzeko, Ekonomia Sustatzeko Arloak eta DEMAk informazio saioa antolatu dute urriaren 26an, astelehenean, 10:00etan, Getxolanen lokaletan (Getxo Elkartegia – Ogoño 1, Areeta – Getxo). Bertan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da honako helbidean: http://www.dema.eus/forms/charladt.php

Ondoren, nahi izanez gero, programan telematikoki inskribatuko da eta eskatzen den dokumentazioa (curriculum vitaea) entregatu eta nortasunari buruzko testa osatu ere bai.

Argibide gehiago DEMAren bulegoetan, Barakaldo Elkartegian (Fandería 2, Barakaldo); telefono-zenbakia: 94 418 90 55.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +