Berriak

Fadurako kirol-parke berria

2017/06/01

Getxo Kirolak-ek Thinking Fadura prozesua jarri du abian; hau da, herritarrek parte hartzeko prozesua, Fadurako kirol-instalazioak aldatzeko eta gune publiko berria diseinatzeko helburuarekin. Bertan izango dira, alde batetik sarrera libreko parkea, eta bestetik Getxo Kirolak-eko abonatuek kirola egiteko instalazioak.

Fadurako egungo udal kirol-hiria –Gobela ibaiak zeharkatzen duena– Uraren Euskal Agentziak (URA) burututako jardueren azken fasean dago,  zeinen helburua den ibaiaren ibilgua egokitzea eta aurrez izandako uholdeak berriro ez gertatzea. Getxoko Kirol zinegotzi Álvaro Gonzálezek honela azaldu du: “Ibilguan egiten ari diren lanak direla-eta, aldaketa garrantzitsuak egin dira kirol-gunean; beraz, horrek aukera eskaintzen digu ingurua nolakoa izango den berriz pentsatzeko, ingurune osoa hobetzeko eta kirol-jarduera, bizi-kalitatea eta ohitura osasungarriak hartzea bultzatzen jarraitzeko”.

Halaber, Fadurako kirol-parke berriak, gainerako hiri-ingurunearekin konektatuta dagoenak,  aukera eskaintzen du gunea palanka moduan aurkezteko, kirolaren eta ongizatearen inguruan garapen ekonomiko iraunkorra jorratzeko. “Ekimena”, dio zinegotziak, “bat dator Getxoko Udalaren Legegintzako Planaren definizioarekin, eta bertan proposatzen den helburu nagusietarikoa da aurrera egitea jarduera ekonomikorako aukeren hiri bat osatzen, tokiko garapen iraunkorretik abiatuta”.

Herritarrentzako gonbidapena

Thinking Fadura prozesuan, diagnostikoa egiteko lehen faseari helduko zaio, eta ekainera bitarte luzatuko da. Horrela, agente giltzarriak identifikatu eta horiekin harremanetan jarriko dira; hala nola, Getxo Kirolak-en pertsona abonatuak eta erabiltzaileak, klubak, kirol-elkarteak, herritarrak eta jarduera fisikoarekin eta ongizatearekin zerikusia duten enpresak. Ondoren, parte hartzeko prozesuan sartuko dira, Fadurako parkea berriz diseinatzeko.

Uztailetik aurrera, bigarren fasea jarriko da abian, eta agente horiei deia egingo zaie prozesu irekian parte hartzeko topaketen, tailerren eta espazio ezberdinetan (presentzialak eta digitalak) egingo diren elkarrizketen bitartez. Ahalegin handia egingo da interesatuta dauden pertsona guztiek parte har dezaten, haien aukeren, premien eta kezken arabera. Topaketa horiek guztiek aztarna irekia eta gardena utziko dute laster eskura izango den web gunean www.thinkingfadura.eus – laster martxan egongo dena- zein Getxo Kirolak-en sare sozialetan.

Thinking Fadurak udalerriko herritarrak inplikatzea nahi du, hausnarketa kolektiboa, kritikoa eta eraikitzailea egitearren, parkearen etorkizunaren eta hiri ingurunearekin duen erlazioaren inguruan. Hori dela-eta, arreta berezia eskainiko zaie kirolean gutxien azaldu ohi diren taldeei, eta kontuan izango dira genero-ikuspegiak, kultura-artekotasuna eta dibertsitate funtzionala. Era berean, aintzat hartuko da kirol-sektorearen eta ongizatearen potentziala ekonomiaren sortzaile gisa.  

Getxo Kirolak-en asmoa da”, nabarmendu du Álvaro Gonzálezek, “herritarren iritzia ezagutzea etorkizuneko kirol-parkean elementu berriak sartzeari buruz, helburua izanik jarduera fisikoa modu erregularrean egitea bultzatzea, ingurumen-aldetik hobekuntzak lortzea eta aisian, osasunean eta kirolean enplegua areagotzea”. Prozesu parte-hartzailean zehar jasotako ekarpenekin Fadurako parke berriaren paisaia eta hiri antolamenduaren aurreproiektua egingo da.

Thinking Faduran parte hartu nahi duten pertsonak thinkingfadura@getxo.eus posta elektronikoaren bidez jar daitezke harremanetan. Halaber, Getxo Kirolak-ek sare sozialetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu #ThinkingFadura etiketa erabiliaz; horren bitartez ikusi ahal izango da prozesuaren garapena nolakoa den. 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +