Berriak

Getxo Jazz 2018: Egitarau aurrerapena (I)

2017/04/24


Getxoko Nazioarteko Jazzaldia dagoeneko dago abian eta kontzertu nagusietako bi izen baditu. Gaur egungo jazzaren erreferentzia den Kenny Garret saxo-jotzailea eta Chano Domínguez piano-jotzailea, jazz flamenkoaren erakusle handia, izango dira jaialdiaren 42. ekitaldian. Jazzaldia uztailaren 4tik 8ra ospatuko da eta, ohi bezala, hasiera emango dio Jazz Euskadi zirkuituari. Saio nagusiak eta Talde Lehiaketarenak Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21:00etan hasita eta "Hirugarren Milurtekoa" ataleko eta familia osoarentzako kontzertuak, Algortako Geltokia plazan (19:00 eta 13:00etan, hurrenez hurren). Ordainpeko saioen sarrerak martxoaren 28an hasita egongo dira salgai, ohiko saltokietan: Kutxabanken orotarako kutxazainetan, www.kutxabank.es webgunean eta Algortako Kultur Etxean (94 491 40 809.

Kenny Garret (1960, Detroit) gaur egungo jazzaren erreferentzia nagusienetariko bat da eta bere aurkitzailea izan zen Miles Davisen azken garai musikaleko oinordekoa omen da. Oso gazte zela saxoa, klarinetea eta txirula jotzen nabarmendu zen eta 70eko hamarkadaren amaieran Duke Ellington Orkestran abiatu zen agertokietan. New Yorkera bizitzera joan zen eta laster hasi zen sarritan jarduten George Colemanen jam sessions-etan eta baita Mel Lewis eta Frank Foster talde handietan. 1984. urtean kaleratu zuen lider gisa eginiko lehenengo diskoa, "Introducing Kenny Garrett", hain zuzen ere. Hurrengo urtean Freddie Hubbardekin elkarlanean aritzen hasi zen eta Out of The Blue taldearekin disko bate gin zuen. Garai horretan ere Art Blakeyren Jazz Messengers taldearekin aritu zen eta baita Miles Davis handiarekin ere.

Bere ibilbidean, Garrettek berezko doinua eta melodia bereizgarria erakutsi du, baita hizkuntza musikal ezberdinak erabilita ere. Azken urteotan bilakaera handia izan du konpositore eta bere bandaren lider gisa. Doinu anitz jorratu ditu, straight jazzean hasi eta erritmo garaikideetan amaitu, Karibeko, Chick Corea edo Chucho Valdésen eraginak ahaztu Gabe. 2010ean Jazz Instrumentaleko Disko Onenari emandako Grammy saria irabazi zuen John McLaughlin, Chick Corea, Christian McBride eta Vinnie Colaiutarekin grabatutako "Five Peace Band" lanari esker. 20 bat disko kaleratu ditu Garrettek eta horietako azkena "Do Your Dance" (2016) da, melodia dantzagarriak, solo jatorrak eta groove erritmoak uztartzen dituena. Getxon, uztailaren 5ean, ostegunean, jardungo da Garrett (saxoak) boskotean Vernel Brown (pianoa), Corcoran Holt (baxua), Marcus Baylor (bateria) eta Rudy Birdekin (perkusioa).

Chano Domínguez (1960, Cádiz) jazz izen handiko artista da jazz flamenkoaren arloan. 18 urte zituela bere lehenengo taldea sortu zuen, Cai banda ospetsua, hain zuzen ere, eta horrekin hiru disko grabatu zituen, esaterako "Más allá de nuestras mentes diminutas" lan arrakastatsua. 80ko hamarkadan Hixcadix banda eratu zuen eta nazioarteko agertokietara salto egin zuen. 1992. urtean bere hirukotea sortu zuen Javier Colina eta Guillermo Mc Gill eta flamenkoaren formak jazzarekin nahasten hasi zen. Garai horretan hirukotearen jarduera eta beste artista batzuen elkarlanean kontzertu eta proiektuak tartekatzen ditu, adibidez Martirio eta Ana Belénekin.

2000. urtean oso arrakastatsua izan zen Chano Domínguezentzat, Fernando Truebaren "Calle 54" proiektuan parte hartzeko aukera izan zuelako. Horretan, Tito Puente, Gato Barbieri, Chucho Valdés, Paquito D'Rivera, Jerry González, Michel Camilo eta Eliane Eliasekin aritu zen. Proiektu horren izaera berreskuratzeko eta 40 urteko musika-ibilbidea ospatzeko asmoz, aurten Calle 54 sextet sortu du. Chano Domínguez (pianoa) uztailaren 7an, larunbatean, ariko da Javier Colina (kontrabaxua), Guillermo Mc Gill (bateria), Blas Córdoba (kantua), Ismael Suárez "Piraña" (perkusioa) eta Tomasitorekin (gitarra).

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +