Berriak

Getxo Jazz 2018: Egitarau aurrerapena (II)

2018/03/14

Charenée Wadek, Billy Hartek, Joshua Redmanek, Michel Camilok eta Tomatitok borobilduko dute Getxoko Jazzaldiaren saio nagusien eskaintza

Jaialdirako sarrerak martxoaren 28tik aurrera egongo dira salgai

Getxoko 42. Jazzaldiaren saio nagusien eskaintza dagoeneko osatuta dago. Charenée Wade abeslaria, Billy Hart bateria-jotzailea, Joshua Redman saxofonista eta Michel Camilo piano-jotzaileak eta Tomatito flamenko-gitarristak osatutako bikotea gehitu dira aurretik iragarri ziren Kenny Garrett eta Chano Domínguez artistei. Guztira, Euskadiko jazz denboraldia zabalduko duen jazzaldi bizkaitarrak 16 saio hartuko ditu uztailaren 4tik 8ra.

Charenée Wade abian jarriko du jazzaldia uztailaren 4an. Abeslari estatubatuarra etorkizun handiko izena da nazioarteko eszenan. Bere tinbreak, dinamika harrigarriaz erabilita, Betty Carter eta Sarah Vaughan gogora ekartzen ditu eta horrek dituen berezko ñabardurak egungo jazzaren abangoardiari lotuta daude.  Wadek kontzertuak uztartzen ditu musikagintza eta moldaketekin eta Dianne Reevesek Carnegie Hallen antolatzen duen musika-tailerretan parte hartzeko hautatua izan zen beste hiru talentu gazterekin. Getxon, besteak beste "Offering" diskoaren kantak aurkeztuko ditu. Lan hori bere erreferentzia handienetako baten omenez egin zuen Wadek, Gil Scott Heron, hain zuzen ere.

Uztailaren 6an, ostiralean, Billy Harten (1940, Washington D.C.) txanda izango da, jazz arloko bateria-jotzaile handienetako bat. Bere ibilbide luzean zehar, perkusionista amerikarrak ospe handiko artistekin jardun da elkarlanean, esaterako Otis Redding, Montgomery Brothers, McCoy Tyner, Wayne Shorter, Joe Zawinul, Pharoah Sanders, Marian McPartland, Herbie Hancock eta Stan Getzekin. 90eko hamarkadan jarduera bizia hasi zuen irakasle gisa Oberlin Conservatory of Music-en eta baita beste musika eskola batzuetan ere. Lider moduan 11 disko grabatu ditu eta 70 hamarkadatik egun arte kolaboratzaile gisa eginiko diskoak kontaezinak dira.

Getxon, laukote formatuan ariko da eskarmentu handiko musikaria Joshua Redman (1969, Berkeley) saxo-jotzailea gonbidatu berezia izango duela. Redman  jazz eszenan nabarmendu zen 1991. urtean Thelonius Monk nazioarteko saxo lehiaketa ospetsua irabazi ondoren eta John Coltranen oinordekoa omen zen kritikarien ustez. Bere jardueran zehar jazzaren izen handiekin aritu da, esaterako Chick Corea, Jack DeJohnette, Bill Frisell, BB King, Branford Marsalis, John Scofield, Toots Thielemans eta McCoy Tyner.

Michel Camilok (1954, Santo Domingo) eta Tomatito (1958, Almeria) gitarra-jotzaileak osatutako bikoteak amaiera ezin hobea jarriko dio jazzaldiari uztailaren 8an. Orain dela 30 urte baino gehiago aritu ziren elkarlanean lehenengo aldiz, 1984ko Madrilgo Jazzaldian, hain zuzen ere. Jazzaren munduan pianoa eta gitarraren elkartasuna ez da emankorra gertatzen, horren sonoritatea uztartzea oso zaila da eta. Hala ere, bikoteak egin duen lanak behera bota egin du aurriritzi hori eta eredu bilakatu du. "Spain", "Spain Again" eta "Spain Forever" disko-trilogian begi-bistan dago armoniak lantzeko eta aurrekaria izan den errepertorioa sortzeko ahalegin handia. Bere ibilbidean zehar flamenko eta latin jazz nahasketa orekatua gauzatu dute eta, horri esker, Disko Instrumental Onenari emandako "Spain Forever" diskoa irabazi zuten.

Sarrera salmenta

Jazzaldirako sarreren salmenta martxoaren 28an hasiko da, ohiko salmenta-guneetan: Kutxabanken orotariko kutxazainetan, www.kutxabank.es webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefonoaren bidez (Kultur Etxea).

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +