Historia

1975ean sortu zen, San Ignazioko jai-batzordeak antolatuta. Lehen urteetan, Donostiako Jazz Jaialdiaren lankidetza izan zuen, hain zuzen ere, Nazioarteko Lehiaketako taldeak bertara bidaltzen baitzituen. Anekdota moduan esan behar da oraindik ezezaguna zen Sting Getxon aritu zela (LAST EXIT taldeko kide moduan). Tete Montoliu ere aritu zen.

Algortako Portu Zaharrean egiten zen, aire zabalean. Bitarteko gutxi zegoen, eta bitartekoen gabezia horri borondate askorekin egiten zitzaion aurre. Antolaketa amateurra zen, baina lehen urteetan arrakasta handia izan zuen.

Urte batzuetan, Jaialdiak egoera ezegonkorra bizi izan zuen. Iraupena, kokapena, eta abar aldatu zituen, Jai Batzordearen aurrekontu urriaren arabera ia beti. Bi urtez ez zen antolatu, jairik ere ez baitzen egin.

1985ean Getxoko Kultur Etxearen (udal erakundea) esku geratu zen, San Ignazioko Jai Batzordearekin bat eginez. Bitarteko gehiago izaten hasi zen, eta horren emaitza moduan, jazzaren munduko irudi handiak etorri ziren gugana (Art Blakey, Tony Williams, Freddie Hubbard, ....). Fadurako frontoietan egiten zen.

Getxoko Jazz Jaialdiko Taldeen Lehiaketa 1986an sortu zen, eta estatu mailakoa zen. Helburua estatuko musikariak babestea eta bakoitzari bere espazioa eskaintzea zen. Lehen urte honetan, estatu osoko 9 banda aurkeztu ziren. Getxoko Jaialdia bere nortasuna lortzen hasi zen. Kontzertuak, Faduran egiteaz gain, San Nikolas plazan ere egiten ziren, aire zabalean.

1989an, gure Jaialdirako urrats garrantzitsua eman zen: EUROPAR JAZZALDIA bihurtu zen. Espezializazio hori lortu zuen, Kontinente Zaharrean aniztasun eta kalitate handiko jazza egiten delako, eta gainera, ia-ia ez delako programatua. Hori dela eta, oro har, oso ezezaguna da. Artista ezagunen eta ezezagunen konbinazioa eskaintzen da, kalitatea premisa moduan hartuta beti. Jan Garbarek, Stephane Grapelli, Toots Thielemans, Didier Lockwood, Carles Benavent, NHOP, Paco de Lucía, Martial Solal, John McLaughlin, Joe Zawinul eta artista oso gazteak, ezezagunak, Europan jazzaren etorkizuna markatuko dutenak, edo gaur egungoa dagoeneko markatzen ari direnak: Doky anaiak, SFEQ, Gerard Presencer, Rosario Giuliani, Thomas Hass, Nigel Hitchcock....

1991n, urtero 40 banda inguru biltzen zituen lehiaketa sendotu egin zen. Talde irabazleak CD bat grabatu ahal zuen.

Bilakaera logikoa 1994n gertatu zen: Taldeen Lehiaketa ere Europarra eta Gaztea bihurtu zen (30 urtera arteko musikariei eskainia). Lehen urte honetan, 30 talde aurkeztu ziren (15 Europakoak eta 15 Estatukoak).

Urte batzuetan, parte-hartzaileen kopuruak gora eta gora egin zuen, eta urteren batean 80 taldetik gora aurkeztu ziren. Urtero gehienez Europako 15 herrialde ingurutako 50 taldek parte hartu ahal dutela ezarri da.

Diruzko sariez eta CD bat grabatzeaz gain, talde irabazleak kontzertu sorta bat eskain dezake hainbat jaialdirekin lortutako akordioei esker, hala nola: Elorrio, Palma Mallorcakoa, Eivissa eta Hoeilaart Belgikan.

Programazioa ere bilakatu egin da. 2001ean, Jaialdiaren 25. urteurrenean, Estatu Batuetako Branford Marsalis saxofoi-jolea Getxon aritu zen. Ordutik, Amerikako jazzaren izen handiak gure jaialdiko agertoki nagusitik igarotzen dira, hala nola Michel Camilo, The Manhattan Transfer, McCoy Tyner, John Scofield, Chucho Valdés, Lee Konitz, Archie Shepp, Paquito D’Ribera, Dee Dee Bridgewater...

Gaur egun, Bihotz Alai plaza Jaialdiaren egoitza nagusia da. Kontzertuak aire zabalean egiten dira, baina karpa bat jartzen da, oztopo klimatologikoak saihesteko. Hirugarren Milurtekoa saila ere badago, musikari gazteei eskainia, udalerriko plaza desberdinetan; jam-session izenekoak egiten dira Piper´s Irish Puben, eta urtero, marching band batek udalerriko kaleak zeharkatzen ditu.

Gaur egun, Getxoko Jaialdia erabat sendotuta dago. Bi gauza lortu nahi ditugu: gaur egun munduan egiten den jazzik onena erakustea, eta aldi berean, etorkizuneko artista berriak aurkitzen dituen Jaialdia izatea.

OHARRA:
http://www.ikuslab.com/ webgunean Jazzaldiko kontzertu nagusien une onenen bideoak ikus daitezke.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +