Berriak

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia

2017/09/13

aurkezpena

José Mercé, Niamh Ní Charra, Souad Massi eta Kukai Dantza ariko dira Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren saio nagusietan

 Irailaren 28tik urriaren 1era, Folk Getxo BBK jaialdiak bere 33. ekitaldia ospatuko du. Aurten, José Mercé flamenko abeslaria, Niamh Ní Charra artista irlandarra, Souad Massi kantautore aljeriarra eta Kukai Dantza taldea jardungo dira. Guztira, 11 kontzertu hartuko ditu jaialdiak eta baita kale banden desfileak eta landiketza eta kulturen aniztasuna bultzatzen dituzten jarduerak ere.

 Jaialdiaren saio guztiak, haurrentzako ikuskizuna izan ezik, Areetako Geltokia plazan izango dira. Ohi denez, saio nagusiak 21:00etan hasiko dira eta, horiez gain, 18:30ean eta 23:00ean ere kontzertuak izango dira. Haurrentzako saioa urriaren 1ean, igandean, izango da, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, 11:00etako eta 12:30eko emanalditan. Areetako Geltokia plazan ere jarduera anitz egongo dira, esaterako zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderen eta elkarteren postuak bilduko dituen Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azoka eta hainbat herritako platerak eskaintzen dituen Munduko Terraza.

 Saio nagusiei dagokienez, Niamh Ní Charra biolin-jotzaile eta abeslari irlandarrak emango dio hasiera jaialdiari, Ibon Koteron albokari eta Xabi Aburruzaga trikitilariak lagunduta. Bigarren egunean, José Mercéren txanda etorriko da, egungo abeslari flamenkorik famatuenetako bat, hain zuzen ere.  Kontzertu nagusien egitaraua borobiltzeko, Souad Massi abeslari aljeriarra eta Kukai Dantza Taldea konpainiaren proiektu berria, “Lotuneak”, izango dira Getxon. Kukaik zenbait artistaren laguntza jaso du, besteak beste Carlos Núñez, Maria Berasarte eta Iñaki Salvador.

 Kontzertu horiez gain, beste zazpi emanaldi ikusi ahal izango dira. 18:30eko saioetan Aragoiko Trivium Klezmer hirukotea, Voces Navarras boskotea, Mara abeslari portugaldarra eta Madrilgo Bruna Sonora talea (Ermuako Folkez Blai jaialdiaren Tale Lehiaketako irabazlea) ariko dira. 23:00etako kontzertuetan, berriz,  Los Texmaniacs talde iparamerikarrak tex mex doinuak ekarriko ditu Getxora lehenengo aldiz eta Nakany Kanté abeslari ginearrak Afrikako kantak eskainiko dizkie zaleei. Azkenik,  “Musika ari du” haur ikuskizun didaktikoa izango da Getxon, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hari-laukotearen eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eskutik.

 Ohiko kale-banden desfileak ez dira faltako jaialdian. Aurten, Eskozia, Frantzia, Errioxa eta Getxoko taldeak ibiliko dira Getxoko kaleetan zehar 19:30etik aurrera. Irailaren 30ean, larunbatean, desfile handia abiatuko da Bizkaia Zubiko plazan hasita Kale Nagusian zehar. Horretan, talde guztiek parte hartuko dute.

- informazio gehiago eta egitaraua

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +