Getxo udaleko alderdi politikoen iritziak eta proposamenak

2019ko Otsailak 14

EAJ - PNV

EAJ-PNV

Konpromisoa: zorroztasuna eta ardura

Herritarrentzako zerbitzu publikoen eremu guztietan bezala, udala kudeatzeko ere zorroztasuna eta ardura izateko konpromisoa behar da. Bada, horiek dira EAJren jardunaren bi zeharkako ardatz; Getxon ere bai, noski. Zorroztasuna eta ardura getxotarrentzako kalitatezko zerbitzuak bermatzeko; izan ere, udalaren jardunaren eremu guztietan bizi-kalitatea bultzatzen jarraitzen dute. Azken finean, herritarren diru publikoa hobeto banatzeko konpromisoa.

Adostasuna bilatu nahi izan dugu aurrekontuaren negoziaketaren bidez Getxoren modernizazioa eta aurrerapena bultzatzen jarraitzeko. Dena den, hauteskundeen gertutasunagatik agian, jaso dugun erantzuna ez da positiboa izan.

Hala ere, EAJk Getxoren aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta ahalik eta garapen handiena lortu nahi du honako arlo hauetan: gizartea, ekonomia, kultura, kirola eta jasangarritasuna. Horretarako, 2019an 101 milioi euro baino gehiagoko luzatutako aurrekontu bateratua ixtea lortu dugu. Horri 8,5 milioi baino gehiagoko aurrezkia batu behar zaio. Udal gobernuaren lan onak, zintzotasunak, ardurak eta zorroztasunak getxotarrei ahalbidetu die maila handiko zerbitzuak izatea honako arlo hauei dagokienez, besteak beste: gizarte-politikak (ia 18 milioi); gure herriaren hobekuntzarako eremuak eta oinarrizko zerbitzuak (39 milioi); jarduera ekonomikoaren sustapena eta kudeaketa zorrotza (20 milioi), eta gobernu irekia, kirola, kultura eta modernizazioa(31 milioi). Horrez gain, udal zorra pixkanaka gutxitzearen bidez, inbertsioen programa aipagarria izaten jarraitzen dugu: ia 4 milioi Gainzako aparkalekurako eta 3 milioi baino gehiago oso ikusgarriak ez baina funtsezkoak diren gauzetarako; hau da, saneamendua, estolderiaa, ur-sarea, parke eta lorategiak eta argiteria, besteak beste. Eta inbertsio gehiago: beste 3 milioi etxebizitzarako eta 1,2 milioi baino gehiago kirol-instalazioetarako. Horrez gain, irisgarritasunarekiko Getxoren apustu handia nabarmendu behar da, aurten 800.000 euroko inbertsioa izango duena.

Zorroztasuna, ardura, zintzotasuna eta gardentasuna: konpromisoa bete dugu.

PP

PP

Getxo Antzokiko diru-xahuketa

Lau urtean egin behar zen eta hamar daramatzate. 30 milioiko kostua izan behar zuen eta 50 daramatzate. Hala, luzaroan zain egon eta diru asko xahutu ostean, badirudi Getxo Antzokia ateak zabaltzen ikusiko dugula azkenean.

Hori bai, dagoeneko milioi asko gastatu diren arren, badirudi ez dela nahikoa izan EAJrentzat; izan ere, inaugurazioan beste 51.000 euro gastatzeko asmoa du orain. PPk ez du halakorik onartuko. Udal gobernuak ezin dezake herritarren dirua erabili bere jaiak antolatu eta bere buruaren propaganda egiteko.

Alkatetza lortzen badugu, gure lehen neurria antzokiaren auditoria egitea izango da, diru gehiago ez xahutzeko.

GUK Getxo

Indartzen: Getxon gizarte-lana bultzatzen

GUK Getxo udal taldeak sortu zuen INDARTZEN, Getxoko elkarte-sareak proposatutako proiektuak diruz laguntzeko helburuz. Bada,ekimen horren bigarren deialdiaren amaieran lau proiektu hautatu dira, eta horiei esker honako asmo hauek egi bihurtu ahal izango dira: IBILKIk mendiko aulki berezi bat izatea mugikortasun arazoak dituztenentzako, MUJERES CON VOZ eta SORTARAZI-HARRIBIDE elkarteek beren zerbitzuak (babes juridikoa eta psikologikoa eta inklusioa eta prestakuntza, hurrenez hurren) ematen jarraitzea, eta, azkenik, FIDIAS FUNDAZIOAk nerabe eta haurren sozializazioa antzerkiaren bitartez sustatu ahal izatea. Deialdi bietako oinarriak kontuan hartuta, lehenengokoak zein bigarrenekoak, ikus daiteke nahi izan dugula kolektibo behartsuak izatea emandako dirulaguntzen zuzeneko onuradunak. Hala, guztira 40.000 euro jarri ditugu elkarte-sarearen eskura, gure zinegotzien dohaintzei esker. Horrek erakusten du gure kode etikoan jasotzen diren konpromisoak betetzen jarraitzen dugula. GUK taldeko kideok egiaztatu ahal izan dugu Getxon lan egiten duten elkarte askok erakundeen laguntza faltan igartzen dutela. Ondorioz, esfortzu handiz, boluntarioei esker eta baliabide gutxirekin eman behar izaten dituzte beren zerbitzuak. Hori dela eta, hasieratik argi izan genuen hainbat arazo motari konponbideak eskaintzera bideratutako proiektu edo ekintzak babestu eta areagotu behar genituela; izan ere, arazo horiek hor egon arren, erakundeek ez diete aurre egin eta ez dituzte konpondu. Harremanetarako: guk@getxo.eus / 944660290.

EH Bildu

EAJK eta PSE-EEK ez dituzte aurrekontuak negoziatu nahi

Aurten ere EAJ-k eta PSE-EEk aurrekontuak negoziatzeko asmoa ez dutela agerian utzi digute; ez behintzat Euskal Herria Bildurekin. Agian hauteskunde usainak ekarri du aurrekontuen negoziaketarik ez egotea, badirudi EAJ-k eta PSE-EEk interes horien menpe jarri dituztela getxoztarrak eta getxoztarren beharrak. Berandu aurkeztu zigun gobernu-taldeak aurrekontuen aurreproiektua, urrian aurkeztu behar zuena abendu bukaeran aurkeztu zigun. Bilerara deitu ziguten eta ohi dugun bezala, negoziatzeko gure gutxieneko demokratikoa jarri genuen mahai gainean; lehenik eta behin, akordioa egon ala ez egon aurrekontuak Osoko Bilkuran eztabaidatu behar direla.  Aurrekontuak direlako egitasmo politikoaren eta urtean egin nahi denaren eragin zintzoena, eta beraz, herritarrek ezagutu behar dute horren inguruan sortuko den eztabaida. Horri beste eskari bat gehitu genion, alkateak ere eztabaida demokratiko horrekin konprometitzea. Erantzuna jaso dugunean ikusi izan dugu EAJk eta PSE-EEk ez dutela aurrekontuak Osoko Bilkuran eztabaidatzeko konpromisorik hartu nahi. Guretzat gutxieneko demokratikoak dira horiek; gainera, horiek ez dira berriak gobernu taldea osatzen duten kideentzat.

Hala, 2016ko aurrekontuak luzatuko dituzte; horrek agerian uzten du negoziatzeko udal-gobernuak daukan borondate eza. Halere, EH Bildutik lanean jarraituko dugu negoziatzeko baldintzak guztion artean sor ditzagun.  

PSE-EE / PSOE

Babes ofizialeko etxebizitza Getxon

Urtarrileko osoko bilkuran, udal taldearen proposamenez, Eusko Jaurlaritzarekin lurzoruen aldaketa edo trukea egitea onetsi zen, duela zenbait urte hartutako konpromisoen akordioa praktikan jartzeko asmoz. Lehenengoa “Venancios” gunea da, eta bigarrena, berriz, Sarrikobasoko 31.1 unitatea (Maidagan, Urduñako Mendatea eta Iturribide kaleek mugatzen dutena). Lehenengoan babes ofizialeko 54 etxebizitza daude, eta Sarrikobason, berriz, 64, alokairurako direnak. Babes ofizialeko etxebizitzak egiteko Legegintzaldiko Planaren baitan dago proposamena, eta joan den legegintzaldian EAJren eta sozialisten artean adostutako Etxebizitza Planaren irudikapena eta jarraipena da. Badakigu gai konplexua dela eta beste erakunde batzuen esfortzua eta hainbat neurri hartzea eskatzen duela. 2016tik, EH Bilduren babesa dela medio, alokairurako laguntza batzuk daude, Getxoko gazteei emantzipatzeko aukera emateko helburua dutenak. Getxon hutsik dauden etxebizitzei buruzko errolda zorrotza egin dugu, jakin ahal izateko horietako zeintzuk kudeatu daitezkeen alokairuan jartzeko eta, hala, jabetzak funtzio sozial bat bete ahal izateko. Lanean jarraitzen dugu.

Cs

Ciudadanos

Zure ahotsa izan nahi dugu

Argi daukagu zuek, getxotarrek, inork baino hobeto ezagutzen duzuela zein eraberritze-lan behar dituen zuen inguruak, eta zuek izango duzuela, ziur aski, kexa, iradokizun eta ekarpen mordoa. Azken finean, Getxoren taupada zarete. Zuon ahotsa izan nahi dugu. Jar zaitezte gurekin harremanetan: herritarrak@getxo.eus Twitter: @CsGetxo, Facebook: Cs Getxo, tfno: 944660291. Zain gaituzue.

Hemeroteka

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +