Berriak

Getxo Jazz 2019: Egitarau aurrerapena

2019/03/07

Uztailaren 3tik 7ra izango den Getxoko 43. Nazioarteko Jazzaldia dagoeneko dago abian eta ordainezko kontzertuetarako bi izen baditu. Jaialdiaren lehenengo egunean Andrea Motis tronpeta-jotzaile eta abeslaria arituko da, etorkizun handiko artista eta estatuko eszenan nabarmendu dena. Uztailaren 6an, Madeleine Peyroux jardungo da, nazioarteko jazzaren ahots handienetariko bat, hain zuzen ere. Saio nagusien aurretik, ohi bezala, Talde Lehiaketako kontzertuak izango dira eta aurten Polonia, Holanda eta Espainiako taldeak lehiatuko dira. Aipatutako saioak Muxikebarri Getxoko Arte, Kultura eta Hitzaldien Zentruan izango dira eta sarrerak maiatzaren 2tik aurrera egongo dira salgai ohiko saltokietan: Kutxabank sarea eta Getxoko Kultur Etxeetan.

Madeleine Peyroux (1974, Athens; Georgia) XX. mendeko jazz eszenan sortutako abeslari arrakastatsuena da eta bere ahotsa Billie Holidayarenarekin alderatzen dute. Intelektualen familia baten baitan jaio zen eta Brooklyn, California eta Parisen hazi zen. Frantziako hiriburuan hasi zen kantatzen hamabost urte zituela, auzo latinoko kale-musikariekin. Handik urte batzuetara Lost Wandering Blues & Jazz Band taldearekin jardun zen biran Europa osoan. 90eko hamarkadan Estatu Batuetara itzuli zen eta 1996 debuteko "Dreamland" (Atlantic Records) diskoa kaleratu zuen. 200.000 kopia saldu eta arrakasta lortu zuen abeslariak eta jarraian zortzi urte eman zituen agertokietatik kanpo. 2004an itzuli zen eta "Careless Love" bigarren lana grabatu zuen, Larry Kleinek ekoiztuta. Disko horrekin are eta arrakasta handiagoa lortu zuen eta kritikariek bere ahotsa laudatu zuten.

Urte horretan beran "Got You On My Mind" kaleratu zen, William Galison bikote eratuta. Horren ostean "Half The Perfect World" (2006), "Bare Bones" (2009), "Standing On The Rooftop" (2011), "The Blue Room" (2013), "Keep Me in Your Heart for a While" (2014) bilduma eta "Secular Hymns" (2016) grabatu ditu, horien bitartez bere jarduera sendotu duela. Pasa den urtean "Anthem" kaleratu zuen eta lan horretan kezka pertsonalak, poetikoak eta politikoak erakutsi ditu.

Andrea Motis (1995, Bartzelona) tronpetari, saxo-jotzaile eta musikagile gazteaz, berriz, Espainiako jazz eszenan ustekabean agertu da arrakasta handiz. Oraindik eskolan ikasten ari zela Sant Andreu Jazz Band taldea jardun zen bederatzi urtez; zortzi disko grabatu zituen eta zuzenean jardun zen izen handiko artistekin, esaterako Wycliffe Gordon tronboi-jotzailea eta Jesse Davis eta Dick Oatts saxo-jotzaileekin. 2010. urtean jazz-estandarren diskoa egin zuen Joan Chamorro kontrabaxu- eta saxo-jotzailearekin eta ordutik elkarlanean aritu da berarekin sarritan. 2011n Quincy Jones artista famatuak bere taldearekin jardutera gonbit egin zion Peraladako jazzaldian eta handik gutxira Kataluniako Goi-mailako Musika Eskolan sartu zen bere trebakuntza osatzeko. 2017an, 21 urte zituela, bakarkako lehenengo diskoa grabatu zuen, "Emotional Dance", hain zuzen ere, eta horrekin kritikoak zein zaleak harritu ditu, maila artistiko handia eta erakutsi dituela.

Talde Lehiaketa

Ohi bezala, Europako banda gazteen lana bultzatzea helburu duen Talde Lehiaketaren beste ekitaldi bat izango da Jazzaldian. Aurten, 16 herritako 66 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu ditu epai-mahaiak finalerako: Poloniako Szymonklekowicki Sextet, Claudio Jr. de la Rosa laukote holandarra eta Espainiako Marc Martin Trio eta José Ángel Llorente 5et. Aukeratutako taldeak uztailaren 3tik 6ra arituko dira saio nagusien aurretik eta irabazleek 4.300 euroko saria jasoko dute. Halaber, zuzeneko diskoa grabatuko zaie. Bigarren saria, berriz, 1.800 eurokoa izango da eta bakarlaririk onenari emandakoa, 900 eurokoa.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +