Berriak

Getxo Jazz 2017

2017/05/16

Jazzaldiari buruzko informazio osoa eskura HEMEN

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 41. ekitaldia ospatuko da ekainaren 28tik uztailaren 2ra eta, ohi bezala, egitarauan izen handiak bilduko dira aurten ere. Saio nagusietan (Biotz Alai plazan, 22:15ean), Chucho Valdés, Dianne Reeves, Christian Scott, Bill Evans, Dean Brown eta Andrej Olejniczak jardungo dira eta horiei Talde Lehiaketako (Biotz Alai plazan, 21:00etan)  eta "Hirugarren Milurtekoa" ataleko (Algortako Geltokia plazan; 19:00etan) kontzertuak  gehitu behar zaizkie.  Ekainaren 29tik  uztailaren1era jam sessions-ak (The Piper's Irish Pubean, 00:00etan) izango dira  eta, azkenik, familia osoarentzako bi ikuskizun (Algortako Geltokia plazan; 12:30ean) hartuko ditu jazzaldiak lehenengo aldiz.

Andrzej Olejniczakek kontzertu nagusiak zabalduko ditu; nazioartean aintzatespen eta prestigio gehien daukan saxofonista poloniarretako bat da. “Chopin interpretatzen” izeneko proiektua aurkeztuko du; bertan, konpositore erromantikoaren hainbat pieza ardatz gisa hartuko dira haren armoniak inprobisazioaren eremura eramateko. Hilaren 29an, Christian Scott igoko da agertokira, musikari estatubatuarren belaunaldi berriko tronpeta-jole onenetako bat da; bere herrialdeko kritikoek jazz berriaren erregetzat jotzen dute, besteak beste genero hori hip hop eta rock estiloetako erritmoekin fusio berezi bat egiten duelako.

Jaialdiaren erdibidea Bill Evans saxofonista handiaren eskutik iritsiko da; jazz fusion estiloko adierazgarria da, eta oraingo honetan laukote-formatuan helduko da jaialdira, Dean Brown artista birtuosoarekin batera. Laugarren egunean, Getxok harrera egingo dio jazzaren arloko abeslaririk ospetsuenetako bati: Dianne Reeves-i, hain zuzen ere. Bost Grammy sari ditu dagoeneko, horietako hiru ondoz ondoko urteetan irabazi zituen, 2001etik 2003ra, ahots-interpretazio onenaren kategorian. Gainera, besteak beste, honako pertsona nahiz talde ospetsuekin batera abestu eta grabatu du: Wynton Marsalis artistarekin, Chicagoko Orkestra Sinfonikoarekin eta Berlingo Filarmonikarekin.

Chucho Valdés arduratuko da jaialdiari amaiera bikaina emateaz, jazz afro-kubatarraren oinarrizko artista baita. Izan ere, 8 Grammy sari dauzka jada, eta Irakere bezalako talde ospetsuetan egon da; horrela, artista kubatar honek askotariko generoetan duen maisutasuna erakutsi du.

Programari gehitu behar zaizkio, gainera, Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak —hala, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango dugu— eta Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak. Azken horretan, eskaintza anitza izango da honako talde hauen eskutik: Ana Bejerano Concept, Alberto Arteta Group, Daahoud Salim Quintet, Giulia Valle Trío eta The Machetazo. Familientzako saioei dagoekienez, nabarmendu behar da Andrés Isasi Musika Eskola Gazte Sextet-en kontzertua (uztailak 1). Taldea udal musika eskolan ikasten duten sei ikaslek osatuta dago eta Getxon debuta egingo du jazzaldien eszenan. Azkenik,  The Piper's Irish Pub tabernan hiru egunez Cuarteto y Taca taldeek emango dituzten jamm sessions delakoak, eta José Horna argazkilariaren erakusketa, Torrene aretoan.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +