Berriak

Getxo Jazzek aurtengo egitaraua itxi du

2017/03/29

Chucho Valdések, Bill Evansek, Dean Brownek eta Andrzej Olejniczakek borobilduko dute Getxoko Jazzaldiaren saio nagusien eskaintza

Jaialdirako sarrerak maiatzaren 2tik aurrera egongo dira salgai

Getxoko 41. Jazzaldiaren saio nagusien eskaintza dagoeneko osatuta dago. Chucho Valdés piano-jotzaile kubatarra, Bill Evans saxo-jotzaile eta Dean Brown gitarristaren laukotea eta Andrzej Olejniczak saxo-jotzailea gehitu dira aurretik iragarri ziren John Abercrombie eta Dianne Reeves artistei. Guztira. Guztira, 17 saio izango dira ekainaren 28tik uztailaren 2ra Getxon eta ordainezko kontzertuetarako sarrera eta abonamenduak maiatzaren lehenengo astean jarriko dira salgai.

Poloniako saxo-jotzaile ospetsuenetakoa den Andrzej Olejniczaken eskutik abiako da jazzaldia ekainaren 28an, asteazkenean. Musikari, konpositore, moldatzaile eta pedagogo honek 60 disko baino gehiago grabatu ditu eta 1984. urtez geroztik Bilbon bizi da. 1985etik 1991ra Tete Montoliúren laukotean jardun zen eta beste artista batzuekin ere aritu da elkarlanean, esaterako Gerry Mulligan eta Kenny Drewrekin (John Coltranen piano-jotzailea). Halaber, aipatu behar da Espainiako pop, rock eta flamenko artistekin eginiko lana ere: Orquesta Mondragón, Mecano, Miguel Ríos, Manzanita... Getxon, Olejniczakek Michal Tokaj (pianoa), Michal Baranski (baxua) eta Jim Doxasekin (bateria) ariko da. Laukoteak "Interpretando a Chopin" proiektua eskainiko du eta horretan musikagile erromantikoaren zenbait pieza hartuko ditu abiapuntu armoniak inprobisazioaren alorrera eramateko.

Bill Evans (1958, Clarendon Hills; Illinois) ekainaren 30ean, ostiralean jardungo da laukote formatuan Dean Brown (1955, Châteroux; Frantzia) gitarra-jotzaile handiarekin. Keitch Carlockek, Toto banda ezagunaren bateria-jotzaileak, eta Etienne Mbappek, John McLaughlinen taldearen baxu-jotzaileak, osatzen dute laukotea. Egungo eszenaren saxo-jotzaile ospetsuenetariko bat da Evans eta 22 urte baino ez zituela Grammy sarietarako izendatu zuten "Soulgrass" diskoari esker. Miles Davisen bandan jardun zen 80eko hamarkadan eta izen handiko talde eta musikariekin aritu da, esaterako John McLaughlin, Mahavishnu Orchestra, Herbie Hancock, Lee Ritenour eta Steps Aheadekin. Proiektu honetan Dean Brown du kidea, energiaz beteriko gitarra-jotzailea eta jazz-fusion delako estiloaren maisua.

Azkenik, Chucho Valdés (1941, Quivicán; Cuba) igoko da Biotz Alai plazako agertokira jazzaldiaren azken egunean. Karibeko piano-jotzailea itzal handiko izena da jazz afro-kubatar modernoaren arloan. 8 Grammy sari irabazi ditu eta hainbat urtez bere maisutasuna erakutsi du genero anitzetan: jazza, musika klasikoa, herri-musika... Munduko piano-jotzaile onenetariko bat omen da Valdés eta gazte-gaztea zela nabarmendu zen jazz eszenan. Musika jardueraz gain, lan pedagogiko handia egiten du, mundu osoan hitzaldiak eta maisu-ikastaroak ematen dituela. Getxon, Chucho Valdés Gaston Joya kontrabaxu-jotzailea, Rodney Barreto bateria-jotzailea eta Yaroldy Abreu perkusionistarekin ariko da.

Sarrera salmenta

Jazzaldirako sarreren salmenta maiatzaren lehenengo astean hasiko da, ohiko salmenta-guneetan: Kutxabankeko orotariko kutxazainetan, www.kutxabank.es webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefonoaren bidez (Kultur Etxea).

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +