Prentsa Oharrak

Soka erakusketak hasiera ipiniko die bihar Iparraldea hurbildu nahi duten Iparra Galdu Gabe VIII. Jardunaldiei

2018/10/03

Soka, Euskal dantzaren urratsetan izeneko erakusketak hasiera ipiniko dio bihar Iparraldeari buruzko Iparra Galdu Gabe Jardunaldien zortzigarren edizioari. Getxoko Udalak antolatuta, EKE, Euskal Kultur Erakundearekin lankidetzan eta udalerriko euskalgintzarekin eta oraingoan dantza taldeekin batera, aurrekoetan bezala,  ekimenaren helburua da Ipar Euskal Herriaren errealitatea Getxora hurbiltzea. Oraingoan hainbat ikuskizun, solasaldi eta ekitaldirekin batera, euskal nortasuna adierazten duen euskal dantzari (aurpegi soziala, historiko eta artistikoak) buruzko erakusketa inauguratzeko ekitaldia bihar, ostegunean, urriak 4, 19:00etan izango da RKEn, Romo Kultur Etxean, Imanol Landa Getxoko Alkatearen eta Pantxoa Etchegoinek Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeko zuzendariaren eskutik. Ekitaldian oroigarri bat emango diote Getxon jaio eta Iparraldean bizi eta euskal dantza erakusten lan handia egin zuen Koldo Zabala (1935-2014) dantzari eta koreografoaren familiari.    

“Aurreko edizioetan bezala, Jardunaldiek laguntzen digute Iparraldearen errealitatea hobeto ezagutzera eta oraingoan, euskaldunentzat garrantzitsua den dantzaren ingurukoak hurbilduko dizkigu EKEk antolatutako SOKA erakusketa ibiltariak”, nabarmendu du Koldo Iturbek, Euskara zinegotziak. Erakusketan Getxok partaidetza berezia du, auzokidea izan zen Koldo Zabalari esker ona eskaini nahi diolako eta Getxophotok dantzari getxotar batzuei ateratako formatu handiko hiru anaglifo (betaurreko berezirekin hiru dimentsiotan egongo balira bezala ikusten diren irudiak) aurkezten baitu. “Ohi bezala, oso garrantzitsua da Jardunaldi hauek aurrera ateratzeko, erakundeok egiten dugun lanaz gain, herriko elkarteek, kasu honetan euskara elkarteek (Egizu, Bizarra Lepoan, Azebarri) eta dantza taldeek burututako lana. Oso erakusketa erakargarria da eta horregatik herritarrak gonbidatzen ditugu hurbiltzera eta antolatu ditugun doako bisita gidatuetan izena ematera. Horrekin batera, hilabete luze batean izango diren gainontzeko jarduerekin ere gozatu ahal izango dute getxotarrek, publiko mota eta adin guztientzako ekitaldiak izango baitira”, gehitu du Iturbek. 

Bestalde, Pantxoa Etchegoinek nabarmendu du ia duela 20 urte hasi zela Getxorekin harremanetan izaten eta  Jardunaldiak oso sustraituta daudela. Aurtengo erakusketa berezia da, duela urte batzuez geroztik herriz herri eramaten ari direna. “Anitz jendeak egiten du dantza Euskal Herrian eta erakusketari SOKA izena eman diogu, ezaguna den dantza horregatik, baina badakigu dantzak lotura duela gizartearekin eta jendea lotzen dela dantzaren bitartez eta hori erakutsi nahi dugu izen hori emanez, eta baita lotu gaitezen ere, lotura izan dadin euskal kulturarekin gure gizartean”, gehitu du Etchegoinek. 

Soka erakusketa

Euskal dantza ezagutzera ematea helburu duen SOKA erakusketa urriaren 4tik azaroaren 4ra egongo da ikusgai RKEn. Erakusketa multimedia da, 400 ilustrazio baino gehiagorekin, eta horien artean daude argazki bildumak, filmak, lekukotasunak, soinu zatiak edo euskal dantzaren estetikaz edo alderdi sozialaz egindako bideo sorkuntzaz. Horien bitartez erakutsi nahi da euskara eta euskal dantza direla euskaldunak komunikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko dituzten berezko lengoaiak, hitzen bidez gorpuzten baita da euskara, eta gorputzaren bidez euskal dantzak, eta belaunaldiz belaunaldi plazara SOKA dantzan eskuak lotuta dantzara ateratzeak iradokitzen duela transmisio hori.

Erakusketak hurrengo lau atal ditu: Zergatik dantzatzen duzu?, Euskal dantza eta historia, Dantza eta gizartea, eta Sorkuntzaren bideak. 

Bisita gidatuak erakusketara

Getxoko Udalak hainbat bisita gidatu antolatu ditu, herritarrentzat eta baita berezi batzuk institutuetako ikasleentzat eta dantza taldeetako kideentzat ere. Bisita gidatuak, dantzari getxotar baten eskutik, urriaren 15etik 26ra izango dira, doan, astean zehar, 9:30ean, 10:30ean, 11:30ean, 17:00, 18:00 eta 19:00etan, eta asteburuetan 11:00, 12:00, 13:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan. Izena emateko 94 466 00 22 telefono zenbakira deitu behar dute pertsona interesatuek.

Erakusketa bisitatzeko ordutegia astelehenetik ostiralera 08:00etatik 22:00etara izango da, eta asteburuetan, 09:00etatik 21:00etara.   

Egitaraua

Iparra Galdu Gabe Jardunaldien VIII. edizioak egitarau zabala antolatu du publiko guztientzat, hilabete luze batean. Horrela, erakusketarekin batera, urriaren 4tik azaroaren 4ra bitartean, hitzaldiak, antzerkia, ardo dastaketa, literatura solasaldia, kontzertua, dantza, kantu afaria eta irakurketa musikalak izango dira. Informazioa: www.getxo.eus  

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +